Onuradunak
Zurztasun-pentsiorako eskubidea izango dute eskubide pasiboen kausatzailearen seme-alabak 21 urtetik beherakoak badira, eta adin hori bete edo kausatzailearen heriotza-data baino lehen lan orotarako ezinduak bazeuden.
Bi gurasoak hiltzearen ondoriozko erabateko zurztasun-kasuetan, onuradunak oinarri arautzailea handitzeko eskubidea izango du, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan. Hala ere, esan beharra dago manua erregelamendu bidezko garapen horren zain dagoela oraindik.
Umezurtzak irabazizko lanik egiten ez badu bere kontura nahiz besteren kontura, edota lan hori eginez edo soldata ordezten duen beste edozein errenta, diru-sarrera edo prestazio jasoz, urteko konputuan lortzen dituen diru-sarrerak unean-unean ezartzen den lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa baino txikiagoak badira, orduan ere urteko konputuan, zurztasun-pentsioaren onuradun izan ahalko da, baldin eta kausatzailea hiltzen den egunean 25 urte baino gutxiago baditu. Kasu horretan, titularrak 25 urte betetzen dituenean azkenduko da pentsioa, salbu eta ikasten ari denean. Kasu horietan, zurztasun-pentsioa jasotzen jarraituko du hurrengo ikasturtea hasi eta hurrengo hilaren lehenengo egunera arte.
Zurztasun-pentsio baten onuradunaren adopzioak hura azkentzea ekarriko du, eta adopzioa eratzen duen ebazpen judizialaren dataren hurrengo hilaren lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Pentsioaren kalkulua
Zurztasun-pentsioaren zenbatekoa oinarri arautzailearen 100eko 25 izango da, baldin eta pentsioa jasotzeko eskubidea duen seme bakarra badago.
Pentsiorako eskubidea duten hainbat seme-alaba izanez gero, oinarri arautzailearen 100eko 10 izango da umezurtz bakoitzarentzat. Kasu horretan, ateratzen diren pentsioak oinarri arautzailearen 100eko 15 bakar batean handituko dira, eta oinarri arautzaile hori zati berdinetan banatuko da horien guztien artean.
Aipatzen diren kalkulu-ehunekoak hauek izango dira, hurrenez hurren: 100eko 12,50; 100eko 5, eta 100eko 7,5, baldin eta funtzionarioa zerbitzu-egintzan edo zerbitzu-egintzaren ondorioz hiltzen bada eta zegokion aparteko pentsioa adierazi bada haren alde.
• Hartukizunaren muga
Zurztasun-pentsioen zenbateko osoa ezin izango da izan, inola ere, oinarri arautzailearen 100eko 50 edo 100eko 100 baino handiagoa, hildakoaren ezkontide alarguna, ezkontide ohia edo izatezko bikotekidea, hurrenez hurren, existitu ala ez.
Adierazitako portzentaiak, hurrenez hurren, 100eko 25 edo 100eko 50 baino gutxiagokoak izango dira funtzionarioa zerbitzu-egintzan edo zerbitzu-egintzaren ondorioz ezindutzat jo ondoren hiltzen bada eta bere alde dagokion pentsio berezia adierazi bada